Ahozko tradizioaren arabera, Gurutze Bidearen antzezpenaren jatorria XVI. mendean Kolitza mendira joaten ziren penitentzia-pelegrinazioak dira. Kolitzan, San Rokeri erregutzen zioten hiribildua garai hartako izurrietatik libratzeko.
Bertsio hori ukatu gabe, historiak eskaintzen digun analisia eta eskuragarri dugun dokumentazioa aztertuta, ondorioztatu izan da Gurutze Bidea XIX. mendearen bigarren erdian sortu zela prozesio tradizionalekin batera, hau da pausoekin batera, Jesusen Pasioaren antzezpenari egiatasun handiagoa emateko, eta orain arteko bilakaera izan du.

1771n, hainbat prozesio ospatzen ziren dagoeneko Balmasedan; besteak beste, Aste Santukoak. Horixe ondoriozta daiteke garai hartako udal-aurrekontuetatik, partida bat baitago esleituta udalbatzak mezetarako argizaria erosteko egindako gastuetarako. 1829an, Bera Kurutz kofradia birsortu zen, eta orduz geroztik, kofradia arduratu zen hiribilduko prozesioak antolatzeaz.
Hala ere, 1865ekoak dira prozesio tradizionalari lagunduko zioten pertsonaiak agertzen diren lehen dokumentuak. Urte hartan sortu zen “Invencible Compañia Farisaika” izeneko konpainia, eta soldadu erromatarrak (Balmasedarrek “fariseuak” esaten zieten) sartu zituen. Horrez gain, XIX. mende amaieran, konpainiari gehitu zitzaizkion Ostiral Santuko prozesioan pertsonaia tradizionalago hauek: Mariak, Magdalena, Jesus eta Zirineo.

1935. urtean aldaketa garrantzitsu bat egin zen; izan ere, Pilatoren Epaiketa antzezten hasi ziren prozesio-desfilea baino lehen. Horrez gain, hainbat pertsonaia gehitu ziren, besteak beste, Pilato bera, Apaiz Nagusiak, Barrabas eta pajeak. Garai hau mugarri izan zen figura eta eszena berriak gehitzeari dagokionez, eta prozesu hori ez da eten gaur egun arte, Balmaseda herriak ahalik eta errealismo eta fideltasunik handiena eman nahi izan baitio beti Pasioaren antzezpenari.
Gaur egun, 650 pertsonak egiten dute antzezpen hau, garai bateko Bera Kurutz kofradiaren oinordeko den Balmasedako Gurutze-bide Bizidunaren Elkarteak antolatuta eta Kolitza abesbatzaren laguntzarekin





